Skip to Content

Kontseiluak abenduaren 11n kontzentrazioak deitu ditu hiriburuetan Egunkariaren aurkako epaiketa salatuz

2009/12/11 12:00

Eguna: abenduak 11.

Ordua: Eguerdiko 12:00ak.

Lekuak:

Baiona: Herriko Etxearen aurrean.

Bilbo: Arriaga aurrean.

Donostia: Bulebarrean.

Gasteiz: Andra Mari Zuriaren enparantzan.

Iruñea: Udaletxeko plazan.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak batzar nagusia egin du Durangoko Landako Elkartegian. Kontseilua osatzen duten 45 bazkideen hainbat ordezkari bildu dira. Lehenik eta behin, Egunkariaren aurkako epaiketaren atarian egonik, Kontseiluak epaiketa salatzeko eta auzipetuei elkartasuna adierazteko kontzentrazioak deitu ditu Euskal Herriko hiriburuetan abenduaren 11n eguerdiko 12:00etan.

Bestetik, Xabier Mendiguren Kontseiluaren idazkari nagusiak azaldu duenez, batzar honetan bi gogoeta-gai nagusi egon dira: alde batetik, urte honetan zehar burutu den gogoeta amaitu eta lortutako ondorioak onartu dira, eta bestetik, 2010erako Kudeaketa Plana onartu da.

Burututako gogoetan, bazkideek urte hauetan Kontseiluak egindako ibilbidea berrestearekin batera, hurrengo urteetan jorratuko diren lan-ildo eta egitasmoak finkatu dituzte. Onartutako lan-ildoen bidez, normalizazio-prozesuan jauzi berria eman nahi da, prozesua sakonduz eta azkartuz. Gogoetan lortutako ondorioak hurrengo urtean zehar ezagutaraziko ditu Kontseiluak.

Gogoetaren ondorio garrantzitsuenetako bat Kontseiluaren bilgune izaera indartzea izan da, hain zuzen ere, Euskal Herri osoko euskalgintzaren bilgunea da Kontseilua eta euskalgintzaren gehiengo zabala elkartzen da bertan. "Honek indar handia ematen dio Kontseiluaren jardunari ordezkatzen duen jendarte-eremu zabalarengatik eta horrek ematen dion zilegitasuna oinarritzat harturik, dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari bere hizkuntza-politikaren iparra markatuko duen Euskara 21 hausnarketaren ondorioak euskalgintzarekin kontrastatu eta adostera" azaldu du Mendigurenek.

Gaurko batzarrean Kontseiluak 2010 urterako finkaturiko egitasmoak urte honetan burututako gogoeta-ondorioen lehen isla dira. Egitasmo horien bidez, Kontseiluak eragite-lanean, bai eragite sozialean eta bai eragite politiko-instituzionalean, urrats berriak emango ditu hurrengo urtean.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua osatzen duten bazkideen zerrenda:

AEK, Antzerki Talde Amateurren Elkartea, Argia, Artez Euskara Zerbitzua, Berria, Egan - Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea, Elhuyar Aholkularitza, Elhuyar Fundazioa, Elkar, Emun, Euskal Editoreen Elkartea, Euskal Herrian Euskaraz (EHE), Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea (EHIGE), Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa, Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE), Euskal Konfederazioa, Euskalan, Euskal Kristau Eskola, Euskal Kultur Erakundea (EKE), Eusko Ikaskuntza, Gaiak, Gerediaga Elkartea, Goierriko Euskal Eskola Kultur Elkartea, Hau Pittu Hau, Hik Hasi, Hitzez Euskaltegia, iBerba Euskara Zerbitzua, IKA, Ikerfolk, Ilazki Euskaltegia, Jakin, Karmel, Maizpide Euskaltegia, Mendebalde Kultura Alkartea, Oinarriak, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea (OEE), Sortzen-Ikasbatuaz, Topagunea - Euskara Elkarteen Federazioa, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA), Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), Udal Euskaltegietako Langileak, Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkartea (EIRE) eta Urrats Euskaltegia.