Skip to Content

Egia nahi dugu!!

2010/04/17 17:00

Larunbatean Donibane Lohitzunera hurbiltzeko deia egin du AAMk

Jon Anzaren afera argitzeko bidean eremu guztietan egin beharreko presioaoso garrantzitsua dela adierazi dute arratsaldean Hernanin burutu duten agerraldian.

Datorren igandean urtea beteko da Jon Anza desagertu zenetik. Hamaika hilabetez desagerturik egon ondoren martxoan agertu zen bere gorpua, Toulouseko gorputegian. Geroztik arrapaladan etorri dira informazioak.

Informazio horiek eta batez ere aferak ikutu dituen estamentu guztien erreakzioek (polizia, prokuradore, ospitala, ea...) konfirmatu dute hasierako uste sakona. Alegia, Gerra Zikinaren afera baten aurrean gaudela. Galdera nagusiaren erantzuna hori da. Esan behar da, euskal herritarren gehiengo zabalak barneratu duen bertsio bakarra hori dela.

Honen aurrean, azken garaiotan aferaren gainean informazio jario zehatz bat dugu, Jonen heriotza bere gaixotasunari soilik lotua dela indartu nahi duena. Antzematen da Boterea kudeatzen dutenen aldetik (frantses nahiz espainol) interes eta kezka haundia ideia horretan sakontzeko. Aldiz hain garbiak dira galderak eta hain ilunak erantzunak, gaixotasunaren ondoriozko heriotza sinestezina eta ezinezkoa bilakatzen dutela.
AAMtik edota Familiaren aldetik ez gara aterako informazio bakoitza erantzun eta baloratzera. Azpimarratu nahi dugu hau. Une bakoitzean baloratuko familiak zer eta nola esan.

Azalpen nagusi bakarra politikoa delako:
Nola esplikatu bestela ia urte osoan gorpua agertu ez izana?
Nola esplikatu urtebetez desagerpen honen aurrean isilik egon diren komunikabideentzat gorpuaren agerpena lehen mailako albistea izatea?
Nola esplikatu hau eta nola esplikatu hura?
Euskal Herrian gertatzen ari dena ulertuta soilik esplikatu daiteke auzi hau. Gerra Zikinaren terminoetan soilik erantzun dakioke mahai gainean den galdera sortari. AAMtik azpimarratu dugu hasieratik Jonen heriotzaren kontestu politikoa eta gogora ekartzen dugu berriro:
Lau euskal militante politiko bahituak izan direla salatu dute 2008ko abenduaz geroztik. Juan Mari Mujika, Alain Berastegi, Lander Fernandez eta Dani Saralegi. Bahiketa hauek ezaugarri antzekoak dituzte: poliziarekin kolaboratzeko presioa, Espainiako aparatu errepresiboek burutu izana, mehatxua eta xantaiaren erabilera, e.a...
Poliziaren bortizkeria eta Torturaren erabilera sistematiko eta basatia.

Euskal Herrian ezarri duten salbuespen egoera intentsitatez igotzen ari dira azken urteotan. Legez kanporatze estrategian urrats berriak eman dituzte, lan politikoa egitea espetxearekin ordaintzen da. Herri honen ukazioari eta debekuei aurre egin eta eskubide demokratikoen alde lanean ari den oro errepresioaren jomugan ezarri dute.
Espetxe politikarik ankerrena aplikatzen da. Espetxeetan ezarri dituzten muturreko neurrietan sakontzen ari dira.

Hainbat komunikabideen intoxikazio eta manipulazioa errepresioaren zerbitzura
Kontestu honetan ematen da Gerra Zikina. Espainiako marko legaletik kanpoko jarduera eta praktika polizial, judizial eta politikoaz ari gara. Arazo politikoa bide demokratikoetatik konpontzeko gaitasun ezaz. Kontestu politiko eta errepresibo honetan soilik ulertu daiteke Jon Anzaren bahiketa eta hilketa.
Zorionez horrela ulertu du eta sentitu du euskal gizarteak, esan bezala.

* Argipena. Ardurak.  Presioa.
-Zer egin dute Jonekin galdetu genuen. Badakigu. Zer ez zioten egingo zehaztu beharko genuke. Egia nahi dugu salatu dugu. Egia badakigu. Argipena eta gardentasuna da eskatzen duguna, Egia osoa. Ardura politikoak daudelako eta ardura horiek mahai gainean jarri arte ez dugu etsiko.
-Bi estatuen administrazio ezberdinek burutu ditzaketen ikerketetan ez dugu konfidantzarik. Gure aldetik, epaitegietan egin daitekeen lana bururaino eramateaz gainera, kasu honen argipenerako ikerketa zabala jorratzen jarraituko dugu orain arte bezala. Estatu aparatuekiko mesfidantza osoa baita.
-Bestalde, bharrezkoa da kasu honen inguruko presio politiko eta sozialarekin jarraitzea. Eremu guztietara eramango dugu afera, kaletik hasi instituzioetaraino. Zentzu honetan, kaleko mobilizazioaren garrantzia azpimarratu nahi dugu. Hemendik, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren izenean hilero egiten diren mobilizazioak indartzera deitzen dugu eta bereziki, dei egin nahi dugu datorren larunbatean Donibane Lohitzunen burutuko den manifestazioan parte hartzera. Jonen auzian Egia nahi dugulako, errepresioa eta Gerra Zikinaren amaiera exigitzen dugulako, eta Jonen senide eta hurbilekoei gure elkartasuna adierazi nahi diegulako. Euskal herritar guztiei dei egiten diegu datorren larunbatean burutuko den manifestazioan parte har dezaten. 17’00tan Donibane Lohitzunen.
Bide batez, bi gobernuei dei egin nahi diegu errepresio estrategia alboratu dezaten, eta gatazka honen konponbiderako bide politiko eta demokratiko soilen aldeko apostua egin dezaten. Salbuespeneko neurriak, bortizkeria, jazarpena eta gerra estrategia alboratu eta euskal herritarron borondate libreari bide emateko erabakia har dezaten.