Skip to Content

UDALBILTZAren AURKAKO OPERAZIOAren VII. urteurrena

2010/04/29 20:00

BAI EUSKAL HERRIARI herri ekimena osatzen dugun gizon eta emakumeok samimez hartzen dugu apirilaren 29ko data. Bihar zazpi urte beteko dira, Espainiar gobernuaren aginduz UDALBILTZAren aurkako erasoa gertatu zenetik.

Euskal Herriaren eraikuntzan jarririko harri garrantzitsua izan zen UDALBILTZAren sorrera. Bide horretan ereindako lanak fruitu oparoak eskaintzera iritsi zen. Horien artean:
-    Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren sorrerari emandako bultzada
-    Euskal Herriko Naziotasun Aitormena agiria
-    Xiberoa Garatzen egitasmoa herrialdeak bizi duen despopulazioari aurre egiteko
-    2.002ko abenduan ospaturiko Herrien Eskubideen aldeko Nazioarteko Konferentzia, bost kontinenteetako ordezkariak bildu zituena
-    Euskal Herriaren Eskubideen Karta
-    Nazio Eztabaidagunea sortzeko proposamena
-    Nazio Garapenerako Biltzarrarekin elkarlanean nazio planeko egitasmoak

 

Egitasmo hauetako batzuk zapuztea lortu bazuten ere, beste batzuk aurrera jarraitu dute eta Euskal Herriaren egituraketa nazionalari begira buruturiko lanaren garrantzia ukaezina da euskal herritar ororentzat.

Gaur egun, epaiketaren atarian da UDALBILTZA AUZIA deiturikoa. Beste behin euskal jendartearen borondatetik gauzaturiko egitasmoa epaituko dute arrotza zaigun epaitegi batean.

Egunkaria libre oihukatzetik, BAI UDALBILTZARI BAI EUSKAL HERRIARI oihukatzeko tenorea iritsi da.
Horregatik, bihar apirilaren 29an, Euskal Herriko Udaletxe eta Herriko etxe aurre guztietan 8etan biltzeko deiarekin bat egiten dugu BAI EUSKAL HERRIARI herri ekimeneko kideok.

Euskal Herrian, 2010eko apirilaren 28an