Skip to Content

Ehunka lagun kalera irten dira administrazioei murrizketak ez aplikatzeko exijitzera

Ehunka lagun kalera irten diraEhunka lagun elkartu dira gaur Bilbon, sindikatu eta jendarte eragileek instituzioek aurrera daramaten murrizketen aurka deitutako enegarren manifestazioan. Goiz osoan zehar euriak etenik izan ez duen arren, asko izan dira herrialde mailako deialdiarekin bat egin duten herritarrak.

[Argazki galeria]

Manifestazioak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan deitu dituzte antolatzaileek. Bilbon ez ezik Gasteizen ere elkarretaratzea egin dute gaurkoan. Iruñean eta Donostian, berriz, maiatzaren 26an egingo dituzte.

Manifestazioa 12:00etan hasi da Zabalburu plazatik. Aurreneko pankartan deialdia egin duten sindikatuetako buruak, Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide, ELA eta eta LABeko idazkari nagusiak hurrenez hurren, baita jendarte eskubideen esparruan lanean dabiltzan mugimenduetako kideak ere. Han izan da, esaterako, Periko Solabarria militante barakaldotar historikoa, Berri-Otxoak plataformako kide gisa.

Aurreneko tokietan zabaldutako pankartetan Patxi Lopezen eta Mariano Rajoyren gobernuen murrizketen aurkako lemak irakur zitezkeen: “Inposaketei aurre egin! Murrizketak ez aplikatu! Por los derechos laborales y sociales” edo “Mugi gaitezen geure eskubideen alde”.

Baina izan dira zerbitzu sozial publiko, unibertsal eta doakoen aldeko mezuak edo murrizketen aurkako borrokan emakumeen papera aldarrikatzen zutenak ere.

Manifestariek bankuen eta patronalaren aurkako lemak oihukatu dituzte eta murrizketak ez aplikatzeko deia luzatu diete agintariei. Bateratzea Areatzan amaitu da eta bertan egin duten ekitaldi laburrean bi lagunek murrizketen aurkako borrokan lanean jarraitzeko deia luzatu diete bertaratu direnei mobilizazioa deitu duen 50 eragileen izenean.

http://bilbokobranka.info/?p=21897