Skip to Content

Emakumeen egoera Tourrean

Duintasuna! Tourra bukatu duten txirrindularien aldarri ozenena da. Txirrindulariek errepidean sufritzen dutena errespetatzeko, duintasuna aitortzeko eskatu dute, Tourraren antolakuntza oso txarra izan delako eta txirrindulariek ez dutelako merezitako arretarik jaso, ez baliabiderik eduki. Besterik ez zuen behar emakumezkoen txirrindularitzak, gaizki dagoena are gehiago okertzeko. Tourrak, ustez egutegiko proba ezagunena denak, lur jota utzi ditu txirrindulariak, eta urtez urte ia-ia musutruk mantentzen duten adorea eta grina galtzear daude.

Tourra bukatu eta Joane Somarribak lasai hartu zuen arnasa, Tourra gehiago ez duelako korrituko, ez duelako gehiago «alferrik» sufrituko. Eta atzetik datozenak zer? Sopelakoak izan dituen arazo berberak izango dituzte, emakumezkoen txirrindularitza hilzorian dagoelako eta gaitzaren erremedioa oso zaila delako, erremedio hori zein den jakina bada ere.

Gabezia handia da. Oso handia. Ederki dakite hori Euskal Herriko hiru txirrindularik. Bi Somarribaren taldekide izan dira aurten, Bizkaia-Sabeco taldean. Arantzazu Azpiroz gipuzkoarra da bat, Naiara Telletxea bizkaitar gaztea bestea. Eneritz Iturriagaetxebarriak Italiako Aurora taldean korritu du Tourra, eta bederatzigarren bukatu du.

«Denboraldi hasieran, independente gisa hastear egon nintzen, ez neukalako talderik. Aurten ere etorkizuna iluna izango da neguan, baina ohitua nago, urtero antzera gertatzen baita. Somarribak bi Tour eta bi Giro irabazi ditu, eta pentsa zenbat arazo izan dituen taldea bilatzeko. Haren mailara hurbildu ere egiten ez garenok...», dio Azpirozek, Madrilgo aireportutik, Atenastik (Grezia) bueltan. Antzeko iritzia du Iturriagaetxebarria abadiñoarrak: «Ni trankil nago. Lekuren batean edo bestean, edo modu batera edo bestera, korrituko dut. Etxean geratu baino hobe, edozer».

Naiara Telletxeak 19 urte ditu. Zallakoa (Bizkaia) da: «Zer edo zer sortzeko itxaropena duzu beti, baina dirua jarri behar denean, jai». Entrenatzen eta korritzen jarraituko duela garbi du, hala ere. «Niri asko gustatzen zait txirrindularitza, eta horregatik eusten diot, gogorra bada ere. Ahizpa ere txirrindularia da, eta taldean laguntasun giroa handia da. Atzerrira joaten garenean, harreman ona dugu, eta lehiakortasuna bigarren mailan geratzen da». Azpiroz berastegiarrak ere afizioa aipatu du, egoera zailean aurrera zergatik egiten duten galdetuta. «Espainiako txirrindularitza federazioak olinpiar kirolariak laguntzeko beka ere (ADO) lagungarria da. 12.000 euro eman dizkidate aurten, eta Bizkaia taldetik ere zer edo zer jasotzen dut, gastuez gain. Behintzat ez dut dirurik jarri behar nire poltsikotik».

Prentsa, babesle pribatuak eta erakunde publikoak

Hirurek bat egin dute egoera ilunaren azterketan, eta komunikabideen arreta eskasa aipatu: «Tourra korritu berri dut, eta badirudi ez dudala korritu. Euskal Herriko prentsarentzat, Bizkaia-Sabeco taldea eta Somarriba bakarrik existitu dira. Somarribarenak meritu handia du, eta haren lorpenei esker gara pixka bat ezagunagoak; itxita zeuden ateak ireki ditu guretzat, baina, aldi berean, ez zait bidezkoa iruditzen berak bakarrik bereganatzea komunikabideen arreta osoa», Iturriagaetxebarriaren ustez. «Komunikabideek arreta handiagoa eskaintzea eta babesleak erakartzea da krisitik irteteko bidea», azaldu du Abadiñokoak.

Babesle pribatuen ateak oraingoz itxita daudela, erakunde publikoen diru laguntza da emakumezkoen txirrindularitza zulotik atera dezakeen bakarra. «Laguntza gehiago eskatuko nizkieke erakundeei. Ibarretxe lehendakariari esan nion Parisen, eta ea behingoz mezua entzuten duten eta diruz laguntzen gaituzten. Euskadi Fundazioaren antzeko proiektu bat behar da, Espainia osorako agian», Iturriagaetxebarriaren ustez. Azpirozek «iaz Emakumezkoen Espainiako Vuelta antolatzeko puntuan izan ziren, baina azkenean babeslerik gabe geratu ziren eta ez zen antolatu», gogoratu du.

Eta bitartean? «Jarraitu, ikasten ari naizen bitartean, behintzat. Gero gerokoak», dio Telletxeak, triste antzean. Neskek mutilek bezainbeste sufritzen dutelako, haien ikuskizun bera ematen dutelako, kirola ezin delako mutilen balentriekin bakarrik bizi, denok dugu zer egina, erantzukizuna, txirrindularitza herren ez geratzeko.

Tourrean parte hartu duten txirrindulariek jasandako gabeziak

Bero ikaragarria: Arratseko lehen orduan hasi ziren etapa asko, , 14:00etan edo 15:00etan, bero handiena egiten zuenean. Korsikako etapak 47 graduko hotzberoarekin korritu dituzte. Pierre Boue antolatzaileak heldu den urteko Tourreko etapa batzuk goizeko 11:00etan hasiko direla esan zuen, eta besteak ilunabarrean bukatu.

Bidaiak:
Korsika uhartera egin zutena izan zen guztietan gogorrena. Bederatzi ordu egin zituzten ontzian joanekoan, ontzia matxuratu egin zelako. Itzulikoan, goizaldeko 03:00etan iritsi ziren kaira. Masajea kaian bertan hartu zuten. «Jende guztia begira genuen. Animaliak bezala tratatu gintuzten», esan du Somarribak. Tropelak etapa ez korritzeko mehatxua egin zuen, eta Alpeetako lehen etapa 40 kilometro laburragoa izatea lortu zuten. Etapa asko bukatuta, bi orduko bidaia egin behar zuten taldeek autoz antolakuntzak lotutako hotelera iristeko.

Ostatuak:
Lotu gabeak sarri, lau txirrindularik logela berean egin behar izan dute lo etapa batzuetan. Tourra bukatu aurreko egunean Bizkaia-Sabeco taldeko txirrindulariek ez zuten ostatua non hartu. Boue antolatzaileak etapa bukatu zen herritik 70 kilometrora lortu zien ostatua, Flers-en: afari eta maindire gabeko eskola bat, dutxa bakarrarekin taldekide guztientzat.

Otorduak: Afaltzeko pasta eskatu zuten txirrindulariek. Entzungor egin eta lekak eta oilaskoa eman zizkieten.

Sari banaketa: Parisko sari banaketa antolakuntzako kamioi bati itsatsitako plataforma batean egin zen, azkar-azkar, gendarmeek lehenbailehen libratu nahi baitzuten errepidea.

Zenbaki orokorrak: «Antolakuntza Espainiako profesionaletako edozein probatakoa baino okerragoa da», Ramontxu Gonzalez Arrietaren esanetan. Masajista eta mekanikari gutxiago, dutxa eta litera dituen autobusik ez... Mutilen Tourrak 6.000 laguneko antolatzaile taldea du, neskenak 300ekoa. Aurrekontua 18 milioi eurokoa da batean, milioi bakarrekoa bestean. Armstrong 300.000 eurorekin saritu zuten, Somarriba 3.000rekin. 2.000 kazetarik eman zuten mutilen Tourraren berri egunero, 6k emakumeena. Aldaketa txikiena, parte-hartzaileena: 200 mutil abiatu ziren mendeurreneko Tourrean, 70 neskenean. Sufritu, guztiek berdin, ziur.

Andoni Urbistondo